Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-9-30Voyeur-ak gara

22:2310,2 MB
Voyeur profesionalak gara. Kamerak jarri ditugu bazter guztietan; eta argiak, kamerek harrapatu beharrekoa ondo ikusteko. Eta urruti dagoena ikusteko ere, teleskopioak ditugu. Bizilagunak arropa kentzen duenean ikusteko edo galaxia urrun bati behatzeko, berdin zait. Voyeurrak gara. Ez dugu erremediorik.

Arazoa da oso urrutira begiratzen dugunean denboran atzera ari garela begiratzen, argiak guregana iristeko denbora behar duelako. Arazoa? Zeinek esan du hori arazoa denik? Pentsa, pasatutakoa ere kuxkuxeatzeko aukera da. Adibidez, Neptunon ispilu bat jarriko bagenu, mundiala izango litzateke ispilu horretara begiratzea. Neptuno guregandik gertuen dagoenean ere argiak 8 edo 9 ordu behar ditu Lurretik joan eta etorria egiteko. Beraz, ispiluan duela 8 ordu gertatutakoa ikusiko genuke. Ez dakidala autoa non aparkatu dudan goizean? Ba Neptunoko ispiluari begiratu, eta neure burua ikusiko dut aparkatzen.

Historialarientzat ispiluen kontua aukera ona izango litzateke, baina urrutiko astroetan jarrita. Napoleonen gorabeherak kuxkuxeatu nahi dituenarentzat... barkatu... ikertu nahi dituenarentzat ehun argi-urtera dagoen planeta batean instalatu beharko luke ispilua. Horrela, argia joan eta itzultzen denerako berrehun urte pasatu dira. Ondo, ezta? Napoleon eta Josefina, zure teleskopioan... Berri txarra da hori egitea ezinezkoa dela... ispilua haraino eramaterako berrehun urte baino gehiago pasatuko liratekeela. Eta Napoleon ikusi ordez, zure biloben bilobak ikusiko zenituzke. Edo auskalo zein. Hobe da orain arte bezala jarraitzea eta teleskopioak astronomoen eskuetan uztea... kuxkuxeatzen dutena ikusteko ez da ispilurik behar.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia