Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-9-23Duela 12.000 urteko margolaririk onena

21:379,89 MB
Duela 12.000 urte ez zen jende askorik izango Zestoa aldean. Gipuzkoa osoan ere, ez pentsa, giroa ez zen izango Donostiako Alde Zaharrean egoten dena estropada-egunetan. Eta, are gehiago, jendea ez zen leku batetik bestera ibiliko turismo egiteko. Bidaiatzekotan, migratu beharrak edo goseak edo horrelako zerbaitek bultzatuta izango zen. Eta mugimendu horretan, zenbatek egingo zuten bisita Ekaingo kobara? Gutxik. Eta, noski, hain jende gutxiren artean margolari onena izateak ez du meriturik!

Egia esan, zer izango zen? Margolari bakarra edo talde bat? Eta zertarako margotuko zituen zaldiak eta hartzak eta horrelakoak? Zer zen, zirriborro bat? Ala erasoen aurrean egin beharrekoen agindu grafikoak? Edo umeei ehizako klaseak emateko materiala? Edo dirua irabazteko modu bat (ah, ez, ez zegoen dirurik, ezta ordainduko zuen inor ez). Beharbada, ligatzeko erabiltzen zituen margolanak, beste norbait liluratzeko... Bai, posible da. Edo dekoratzaile hutsa zen... ez dakit. Gizajo bat izango zen. Edo ez. Nolanahi ere, xelebrea izan behar zuen.

Xelebrea izan edo ez, sekulako arrakasta lortu du. Norbait liluratzeko egin bazuen, zalantzarik gabe, lortu egin du. Gizajoaren obra erakusgai dago 12.000 urte geroago... Hori marka! Picasok berak ere ez du oraingoz horrelakorik lortu. Eta ez hori bakarrik... Gainera, Ekaingo margolariari obraren egin diote orain, jatorrizko obra babesteko. Hori bai... gizon-emakume guztion ondare izendatu dute, hau da, denona da... hark ez du asko kobratuko egin duenarengatik. Baina berdin zaio. Denboran atzera joan eta dirua emango bagenio, zeinekin gastatu ere ez luke izango.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia