Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2009-3-31Txikien aldeko apologia

18:518,63 MB
Garai batean, txikia izan zinen, gogoratzen? Handia izan nahi zenuen, baina ezin. Horretarako, itxaron egin behar izan zenuen denbora asko. Urteak. Baina zuk une hartantxe nahi zenuen handia izan! Hori bai, bihurrikeria bat egiten zenuenean eta amatxok harrapatzen zintuenean (hau da, beti), txikia baino txikiagoa izan nahi zenuen. Txiki-txikia izatea ikusezina izatearen sinonimoa da. Baina hori ere, ezin. Txikia zinen, besterik ez. Txikia, baina, zoritxarrez, ikusteko modukoa.

Hala ere, berdin du zenbateraino txikia zaren. Azkenean, aurkitu egingo zaituzte. Horretarako, badira tresnak eta tresna horiek erabiltzeko irrikaz dagoen jendea. Bitxia da: makro izeneko tresna bat dute gauza mikroei begiratzeko. Makro deitzen da, begiratzen duten hori handitu egiten duelako. Esan dizut: berdin du zenbateraino txikia zaren.

Aspalditik ez duzu bihurrikeriarik egiten. Edo, behintzat, amatxori bihurrikeria horiek ezkutatzen ikasi duzu. Eta orain handia zara. Zaharragoa. Bada garaia txikien aldeko apologia egiteko, ez al zaizu iruditzen? Agian, makroa erabiltzen duzunetako bat bilakatu zara, eta ez duzu nire aholkurik behar. Baina agian ez. Kasu horretan, hartu makroa eta ireki begiak. Txikia denak, ezkutuan bizi den horrek, sekulako ezustekoak gordetzen ditu. Benetan. Txikitxo bat gertutik ikusitakoan, harrigarria izan daiteke.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia