Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2009-1-20Murphyren legea eta ordenagailuak

15:247,05 MB
Nire ordenagailua Murphyren jarraitzaile sutsua da. Harentzat Murphyren legea ez da lege bat, dogma bat baizik. Ordenagailu baten beharrik ez dudanean bakarrik funtzionatzen du azkar. Zer egingo diogu? Horrelakoak dira gazteak, ezta? Eta nire ordenagailua bost urteko gaztetxo bat da.

Lehengoan ordenagailua piztu, eta segituan hasi zen lanean. Programa bat bestearen atzetik irekitzen joan nintzen, eta leihoak azkar zabaltzen ziren, inongo eragozpenik gabe. Klik egiten nuen eta zerbait gertatzen zen pantailan. Une horretantxe. Itxaroteko beharrik gabe. Orduan konturatu nintzen ez nuela ordenagailua behar egin nahi nuena egiteko. Noski. Ederra egin zidan makina madarikatuak.

Mendekua iritsi da. Bost urteko gaztetxoa jeloskor jartzeko, ordenagailu berri eta txikitxo bat erosi dut. Arina da, polita... eramangarria. Edozein tokitatik egin dezaket lan. Agian bota egingo dut bestea. Edo ez. Nire estrategiak funtzionatu du, eta bost urteko gaztetxoa bost urteko zaharra bilakatzen ari da. Haren beharrik ez dut. Eta, horregatik, edozein unetan piztu dezaket, jakinda azkar funtzionatuko duela. Dena dela, kontu handiz egin behar dira gauza hauek. Susmatzen hasi naiz ordenagailu berria ere Murphyren jarraitzaile sutsua dela.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia