Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-12-23Papera eta arkatza

43:3419,9 MB
Hartu papera eta arkatza. Idazteko edo marrazteko, berdin zait. Ekin lanari nahi baduzu, baina, une batez, geratu eta pentsatu. Sekulako teknologia ari zara erabiltzen. Papera eta arkatza. Merkeak baino merkeagoak dira, baina gizakiaren historia teknologikoaren lekuko eta partaide izan dira biak.

***

Papera ez da zelulosa bakarrik. Alegia, ez da bakarrik zuhaitz baten barrunbea txikituta eta xafla laua bihurtuta. Gainera, kolak ditu eta zelulosa jaten duten mikrobioen kontrako substantziak eta kolore zuria emateko tratamenduaren arrastoak eta auskalo zenbat gauza gehiago.

Eta arkatza ez da ikatz hutsa. Barruko material beltz horretan buztina ere badago. Eta gantz batzuk; asko, paperaren gainean mugimendu leuna izan dezan, eta, aldi berean, gutxi, egiten duen marra beltza izan dadin... gehiegi zikindu gabe. Eta arkatzaren kanpoaldeko materiala, zer? Egur prentsatua da, baina minaren inguruan bildua, prisma hexagonal baten itxurarekin. Eta hori gutxi balitz, egurra kanpotik margotuta dago.

Hori dena paper eta arkatz ziztrin batzuetan. Materialen arkeologo batek teknologiaren historiaren aztarnategi bat ikusiko luke bi gauza ziztrin horietan. Baina ez da antzinako teknologia bakarrik. Gaurkotasun handiko teknologia da; agian, azken teknologia da, baina ez gara konturatzen, albisteetan ez baita azaltzen. Segi idazten, edo marrazten, edo egiten duzun hori egiten. Idazle edo marrazkilari tradizionala bazara ere, sekulako teknologia erabiltzen ari zara.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia