Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-10-28Kontuz sukaldariarekin!

30:4614,0 MB
Zeinentzat egiten du lan sukaldari modernoak, niretzat eta zuretzat edo bere buruarentzat? Sukalde deitzen duen toki hartan sartu eta bazterrak nahasteari ekiten dio, batez ere, usainez eta zaporez beteta dauden bazterrak. Gero, fisikaren legeen zirrikituak bilatzen ditu solidoa, likidoa eta gasa trukatzeko. Txuletazko lainoak egiteko edo arrain-zoparekin eraikitako gaztelu bat plater gainean jartzeko. Auskalo. Esperimentu mundialak dira, baina zeinentzat egiten ditu? Beharbada, zuk eta biok jaten eta ordaintzen ditugu, baina zeinentzat egiten ditu?

Helburua fantasia da. Fantasiaren zientzia egitea. Kimikariak ausartu ez direnarekin saiatzen da sukaldaria, horrelakorik geratzen bada behintzat. Jatetxera joango gara, eta inoiz dastatu, ukitu edo usaindu ez ditugun fantasiek inbadituko dizkigute sudurra, ahoa eta ez-dut-pentsatu-nahi zer beste... sarbide. Agian, esango didazu mendira eramaten duzun tortilla lehor hura baino gauza goxoagorik ez duzula inoiz jan. Bale... hori esan, baina ez esan ahoz gora... sukaldaria adi dago eta.

Sukaldariak entzuten bazaitu konturatuko da egia dela. Janaria benetan goxoa egiten duena jalea bera da, eta horixe da sukaldariak kontrolatzen ez duen gauza bakarra: jatera etorri dena. Mendian jaten duzun tortilla lehorra goxoa da zu nekatuta zaudelako eta pozoia janda ere goxo-goxoa irudituko litzaizukelako. Kontuz. Sukaldariak aditzen badizu, horretaz baliatuko da, eta jatetxera iristen garenean, hiru orduz ibiltzera bidaliko gaitu bere fantasiazko platerez benetan gozatu ahal izateko. Azkenean, okerragoa izango da. Nahiago dut kimika modernoa jan, besterik gabe.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia