Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-10-21Nire kamera eta ni

27:37 12,6 MB
Makinak gure mesederako dira. Ahaltsuak egiten gaituzte. Edozeinek graba dezake disko bat etxean, edo filma bat egin, gaur egungo tresneriek lagunduta. Ez dira profesionalenak bezalakoak izango, baina egin, egin daitezke. Nik hori guztia esan nion kamera digitalari etxeko sofan eserita. Zurekin, naturaren argazkiak egingo ditut. Ez Mozanbikeko basoetan edo Mongoliako lautadetan. Ez dira izango tximinoen irudiak ezta arrano handiak hegan ere. Baina aizu!! Belarra eta zizareak ere natura dira.

Belarra eta zizareak txikiak dira. Eta txikiei argazkiak egitea zaila da oso. Ez dut aukeratu behar ez gauza txikirik ez handiegirik, ez oso urruti edo oso gertu dagoenik, ezta azkar mugitzen denik ere. Azkenean, zuhaitz bat aukeratu dut. Osorik ez bada, hostoei egingo diet argazkia. Tira, kamera digitala da... eta hori esan nahi du digital hitzak... pelikula ez zaiola inoiz bukatzen. Beraz, zuhaitz inguruan korrika hasi eta behatza libre utzi dut. Klik eta klik.... eta klik egiteko.

Berrehun eta hamazazpi argazki. Nahikoa. Esaten dutenez, asko ateraz gero, baten bat ona aterako da. Gezur horren babesean, kamera jaso eta etxera joan naiz. Berokia kendu aurretik ere, berrehun argazkiak ordenagailura deskargatzen jarri ditut. Berokia eta arropa guztia kendu, dutxatu, afaria prestatu, afaldu eta telebista ikusi ondoren, deskarga bukatzen ari da. Akabo ilusioa. Kamera gorde eta ez dakit zergatik ez ditudan berrehun argazkiak ezabatu... Erabaki dut ez naizela argazkilari profesionala izango. Eta okerrena: amateurra ere ez. Baina tira. Lagun batek esan dit berrehun horietako bat, mugituta dagoen hura, gustatu zaiola... oso... pertsonala dela. Eta ni pozik. Ah... arte digitala, zu bai ni bezalakoen gordelekua!!

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia