Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-10-14Irudi bat eta mila hitz

21:009,61 MB
Minutu bat oso denbora luzea da. Badakizu zenbat gauza esan daitezkeen minutu batean? Idatz ezazu minutu bateko hizketaldia, eta ikusiko duzu. Hitzak banatuta idatziko dituzu, seguru asko, haien artean espazioak utzita. Baina ez duzu horrela hitz egiten... Hitzak ahotik txorixo luze bat bezala irteten dira, elkarri itsatsita. Gu azkarrak gara, eta badakigu nondik moztu horri guztiari koherentzia minimo bat emateko. Hitzen arteko espazioak guk gehitzen ditugu. Baina jatorrizko mezuan falta ziren. Horregatik, eta minutu bat denbora luzea delako, gauza asko esan daitezke minutu batean.

Baina, diotenez, irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago esaten du. Eta nik galdetzen dut: zenbat gauza esan daiteke irudi bakar batekin? Milaka? Tira... topiko bat da. Esaten den zerbait, baina ez da horregatik egia. Beste esaldi batzuekin ere gertatzen da. Errealitateak fikzioa gainditzen du, adibidez. Egia da, baina batzuetan bakarrik. Irudi askok ez dute ezer esaten eta fikzio asko gainditu ezinak dira. Baina topikoek arrakasta handia dute. Eta axioma bihurtzen dira. Hala esaten da, eta, beraz, hala izango da.

Egon, egon. Begira telebista. Magikoa da. Segituan harrapatzen gaitu eta mundu liluragarri batean murgiltzen gaitu. Baina, horretarako, 12 irudi erakutsi behar dizkigu segundo batean. Oso gutxitan lortzen du irudi bakar batekin bost segundo baino gehiagotan gu harrapatzea. Berritu egin behar du etengabe magiaren iturria, gehienetan fikzioan oinarrituta, gainera. Hori bai. Errealitate liluragarri batzuek irudi estatikoekin harrapatzen zaituzte. Horrelakoen bila nabigatzen dut nik zapingintza ero batean.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia