Norteko Ferrokarrilla

Makinistaren hitza

Gogoetak, ironiak, umoreak eta abarrek badute tokia Norteko Ferrokarrillean. Saio guztietan, sumarioaren ondorengo tartea izaten da toki hori.

 2008-9-1Sagarra eta LHCa

20:589,59 MB
Sagar bat erditik moztu, eta, jakina, bi sagar-erdi lortuko dituzu. Hartu erdi bat eta moztu berriz ere erditik, aurreko ebakiaren norabide berean. Sagar-laurdena duen sekzio bat lortuko duzu. Segi orain. Moztu erditik eta moztu erditik eta aurrera. Hogeita bederatzi edo hogeita hamar aldiz egiten duzunean, zorionak! Atomoen tamainara iritsi zara! Atomo bakarreko lodiera duen sekzio bat izango duzu esku artean.

Atomo hitzak grekoz zatitu ezin dena esan nahi du. Baina zientzia modernoa zientzia modernoa da: guk atomo deitzen dugun hori badago zatitzea. Sekulako lana egin duzu sagarra eta sukaldeko labanarekin, baina ez da nahikoa. Oraindik ere zati txikiagoak lor daitezke, teorian behintzat. Baina ez saiatu labanarekin. Agian elektroi bat edo beste eramatea lortuko duzu labana sagarraren kontra igurtziz gero, baina besterik ez.

Atomoaren zatiak eskuratzeko labana baino tresna aproposagoak asmatu ditu gizakiak. Ahaltsuena partikulen azeleragailua deitzen da, eta azeleragailuen artean ahaltsuena Geneva azpian dago, lurpean. 27 kilometroko tunel batean instalatutako makina erraldoia da. Ikusten duzu. Unibertsoko gauzarik txikiena ikertzeko, munduko makinarik handiena erabiliko dute. Eta zu zure labanarekin. Bueno. Ez duzu lan txarra egin atomora iritsi bazara. Orain utzi labana sukaldean eta sagarraren mikro-xerrak jan lasai. Fisikarien txanda da.

Iruzkinak

Iruzkina bidali


BABESLEAK:
Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadi Irratia